XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udazkenean udaberri

ZORIONEZ beterik daude Hegoaldeko anaiak. Ez denak, baina asko.

Hainbestetaraino non baikorkerian ez litzatekeela erori behar ohartarazten hasiak baitira batzuk... Lizarrako Adierazpena eta, haren ondorio bezala, ETAren su-etena, bada hor nasaiki alaitzekoa.

Alabaina, akordioaren bi zurkaitz nagusiak, EAJ eta ETA, aski zohituak direla daukagu, uste ukaiteko, beste etapa batzuk ere elkarren artean hitzartuak dituzketela, bestela ez genituzke ezagutuko, ez bata ez bestea.

Horrek ez du erran nahi oztoporik ez dakiekeela bide bazterretik jalgi, ez bakarrik español boterearen aldetik hori begi bistakoa baita baina ere ingurukoengandik.

Badakite denek, bistan dena, bide luze zakarra gelditzen zaiela egiteko.

Egun historikoak bizi ditugula horretan ez da dudarik.

Hauteskunde autonomikoak datoz eta hiru Herrialdeen Erkidegoan abertzaleek airez aire erdietsi behar lukete gehiengoa; jadanik %65 eskuetan zituzten (Ezker Batuarekin) eta ez da beraz zorakeria asmatzea batasun giro berri honek marka guziak hautsarazten ahal liezkeela.

Agian ez zaio nehor jazarriko akordioari eta denek lagunduko dute, hasia den bezala bururaino joaten, eskuinak ala ezkerrak, bakoitzak bere ikuspegiak landuz eta azalduz, zuzen den eta beharrezko zaigun bezala, baina gaurko egoera berezian lehen ezarriz herrigintza orokorra eta askatasunera eraman dezaketen bideak.

Gain gainetik parte hartzen dugu beraz Hegoaldeko anaien itxaropen berrian.

Ez da berez etorria, zerbait zerbait gostaia da.

Haien egoera politikoa hobetzen bada, eta hobetu behar luke itxura guzien arabera, guk ere Iparraldean sentituko ditugu ondorioak dudarik gabe, laguntza zuzenak aipatu gabe, euskal giroa indartuko bailuke honaraino ere.

Baionako auzapeza ez ote da hasia doi bat gogoetak egiten? Eta zer erran Hazparneko auzapezak eta kontseilu osoak aho batez bozkatu duten mozio ohargarriaz? Ez ote da hori jadaneko zerbaixka aldatzen hasia delako seinalea? Herritarren artean ere ukanen du eragin handia.

Abertzaleei dagokigu beti aitzindari jarraitzea nehoiz etsitu gabe, Iparraldeko egoerak lotsatzekoa emanagatik: departamendu koxkor bat ere ezin erdiets!

Eta ez du balio gaur gehiagokorik eskatzea gure Estatu mutu, jakobino, erdirakoi. madarikatu honetan.

Departamendu baten beraren eskuratzea ere ez bide da, beharbada, errextuz joanen, jadanik, Hegoaldekoen bide bera har dezagun beldur zirenak, areago uzkurtuko baitirateke.

Beharrik piztu dinamika ere hor izanen dela.

Bitartean, etxerik gabeko arlote batzuei konpara gakizkioke.

Duela 50 urte Hegoaldean bezain euskaradunak ginen, gehiago ez bada, barneko herri gehienak kasik denak euskaraz ari ginelarik. Zertan gara orain?

Nafarroarekilako lotura Hegoaldean eta instituziorik eza Iparraldean, horra hor bi arazo larri herrestan gelditzen direnak, gure arazoa anitzez zailena delarik.

Bestalde han abertzaleek gehiengoa daukate eta hemen hoberenetik ere %20 bat ginateke; nahiz uste dugun zenbaki hori burrustan goitituz joanen dela, baldin eta egoera honek irauten badu.

Horra zertako, atxiki egin behar dugun, aitzina berriz jokatu lanean, sortzen ari den aro berri hau errotik baliatuz, herrietako abertzale taldeetan, departamenduaren alde, presoen alde, sindikatuetan, ekonomia, hizkuntza edo kultur alorretan, haizea gure alde itzul dadin arte.

Munduan barna ez ote ditugu ikusi aldaketa ikaragarriak, ezin sinetsiak, azken urte hauetan? Eta gainera bat batean gertatu direnak: goizetan, gau luzearen ondotik, argia zabaltzen den bezain zalu...